Abatza edo apatza normalean urki egur pieza bakarrekoak diren ontzi hauen familian handiena da. Abatzaren forma zilindro edota alderantzikatutako tronkokono batena da eta ardatz bertilakarekin, bi helduleku ditu. Hamabi eta hogeita bost litro inguru sartzen dira bertan. Artzainak esnea abatzean iragazten du idazkia edo iragazkia izeneko osinez betetako inbutuan pasaz eta gori-gori dauden esnarri edo esne-harriekin berotzen du. Gazta egiteko, gatzagia bota ondoren, gorosti edo lizar adar batekin eginiko malatsa izeneko makilarekin irabiatzen da. Gero geldi utzirik, ordu erdian, ardi-esnea mamitzen da. Orduan, gatzura eta matoia, ore erdi solidoa dena, banantzen dira. Matoia zurezko aizto batekin moztu eta gazta-moldean sartzen du zulodun oinarri baten gainean, gatzura aska dezan. Moldetik atera ondoren, trapu zurian bildu, prentsatu, gatzatu eta heltzen uzten zaio.
/6-garren imagina/ Argazkia Ricardo Iriarte. 2012-ko Sutondoan Erakusketa. Abatza eta harriak STM E-000204/E-000207/E-000209. San Telmo Museoa.
Aba erabat eskuz egina dago. Kua, ora eta aba-k osatzen duten familia egiteko prozesuan, euskal eltzegintzaren tradizioaren esmaltaketa zuriaren teknika gresaren gainean esploratu da, material honek erresistentzia aldetik dituen abantailak direla eta. 3D inprimagailuetan diseinuaren lehen prototipoak egin ondoren, ukimenaren esperientzia azpimarratu da. Horrela, heldulekuetan gresaren berezko testura lakarra aprobetxatu da eta likidoak ukitu ditzaken parteak esmalteztatu dira. Pieza bakoitza eltzegintzako tornuan eskuz altxa da, ondoren heldulekuak gehituz. Haserako hogeita hamar piezako tirada honetan, txamotadun gres zeramikoa 1000 gradu zentigradotara bizkotxatu da eta beiradura eman ondoren, 1250 gradutara egosi da.
Gresa eta euskal tradizioaren erako esmalte txuria
Kinka & Blanka Gómez de Segura
Euskal Buztingintzaren Museo-Tailerra, Ollerieta, Elosu, Araba
30 pieza
100 x 100 x 90 mm